miércoles, 21 de octubre de 2015

ZERTARAKO ESKOLA XXI.MENDEAN?

SARRERA

Lan honen bitartez XXI . mendean eskolek nolako xedeak bete behar dituzten aztertu dugu hainbat arlo ezberdin hauen bidez: funtzio asistentziala zein hezitzailea desberdintzea, ikasten trabak topatzen dituzten ikasleei berebiziko laguntza ematea ala ikasleen bikaintasuna garatzea, lehentasuna ikasleen bikaintasuna garatzea eta azkenik, zein den umeen heziketaren arduradun nagusia.

Hau guztia aztertuta, hainbat ondorio atera ditugu eta lehenengo eskola eta gaur egungo eskolen arteko konparaketa landu dugu. Honen bitartez, konturatu gara gaur egun heziketa on batek duen garrantziaz, ezinbesteko oinarria delako. Hori eduki ezean, ez zen egongo formakuntza egoki bat eta horrek zenbait ondorio negatibo ekarriko lituzke gure gizartean. 


GORPUTZA EDO ARGUDIAKETA

Funtzio asistentziala ala hezitzailea.


Haur eskolaren sorreratik funtzio asistentziala eta funtzio hezitzailea bereizten dira, izan ere, haur eskolaren funtzio nagusiak dira.
Funtzio asistentziala gehienbat errutinaz arduratzen da. Hau da, haurra zaintzeaz, bere behar fisiologikoak asetzeaz, elikaduraz, higieneaz eta segurtasunaz.
Funtzio hezitzaileari dagokionez, poliki-poliki ezagutzak barneratzeari buruz hitz egiten ari gara. Hau da, helburua umeek ikastea da.
Garaiaren arabera eta administrazioen arabera, bat bestearen gainetik jarri ohi da. Gaur egun, eskolak edo hezkuntza funtzio hezitzailean oinarrituta daude. Eskola arloan bi funtzio hauek aurkitzen ditugu baina hezitzailea da gehien nabarmentzen dena. Haur hezkuntzan berriz, funtzio asistentziala da gehien ematen dena, baina funtzio hezitzaileaz ahaztu gabe. Kurtsoz pasatu ahala, funtzio hezitzailea nagusitzen doa eta funtzio asistentziala txikitzen. LOGSE legea sartu aurretik, haurtzaindegiek laguntza emateko funtzioa zuten eta familiek ezin zutenean, haurrak zaintzeko lekuak ziren. Bertan haurrek zainketa bat jasotzen zuten, hau da, funtzio asistentzial soil bat besterik ez zuten. 1990ean LOGSE legea sortu zen eta honek suposatu zuen haurtzaindegiek funtzio hezitzaile bat hartzea. Honen ondorioz, funtzio asistentzialari funtzio hezitzailea gehitu zaio. Funtzio asistentzialak kritikak jasan ditu, esate baterako, prozesu honen bitartez umeek ez dutela asko ikasten. Baina hori ez da guztiz egia, jolas eta ekintzetan parte hartzerakoan, kontzeptu berriak barneratzen dira eta.
Egindako hainbat azterlanen arabera, jaio eta lehenengo urteetan oso garrantzitsua da haurrek gizartearekiko elkarreragina edukitzea eta ikaskuntzan giro egokia izatea. Guzti honek, jaiotzen garenetik ditugun ahalmenak garatzen lagunduko digu.
XXI. mendeko Hezkuntzari buruzko Nazioarteko Batzordeak UNESCO erakundeari aurkeztutako txostenean, jaio eta lehenengo urteetan hezkuntzak duen garrantzia azpimarratzen da. Bederatzi herrialdetan egindako beste azterlan batzuen arabera, osasuna, maitasuna, afektua eta gorputzaren zainketa oso garrantzitsuak dira. Baina hori ez da nahikoa gizakia behar bezala garatzeko, horretaz aparte, hezkuntza beharrezkoa da.
Gure ustez, bi funtzioen arteko lotura lortu behar da. Haurra zaindu behar da, hau da, osasun egokia izatea, higienea zaindu, eta abar haurra eroso mantentzeko baina honetaz aparte umea hezi egin behar da.
Ikasten trabak topatzen dituzten ikasleei berebiziko laguntza ematea ala ikasleen bikaintasuna garatzea.


Ikasten trabak topatzen dituzten ikasleei berebiziko laguntza ematea ala ikasleen bikaintasuna garatzea.


Lehenik eta behin, ikasle guztiek gaitasun berdinak ez dituztela jakin badakigu. Horrez gain, ikasle batzuei ikastea askoz gutxiago kostatzen zaie beste batzuei baino. Ondorioz, gaur egun irakasle batzuentzat errazagoa da ikasle azkarrekin lan egitea. Baina egoera honek, beste ikasleak baztertuak sentitzea eragiten du. Kasu horietan, ikasle azkarrak ondo sentitzen dira, irakasleen atentzioa baitute. Horren arrazoi nagusia, bikaintasuna lortzea da, izan ere, lege organikoan jarrita dago.
Nahiz eta ikasle guztiek gaitasun ezberdinak dituzten, guztiek aukera berdinak izan beharko lituzkete. Horretarako, ikastetxe guztietan laguntza ematen diete zailtasunak dituzten ikasleei, adibidez, logopedak ezarriz, laguntzazko irakasleak eta abar. Horrela,  zailtasunak dituzten ikasleek, aurrera egingo dute, poliki-poliki klaseko erritmora moldatuz. Lan hau, hezitzaileek egin behar dute, gauzak metodo ezberdinetan azalduz edota azterketa desberdinak eginez.
Gure iritziz, ikastetxeetan egiten diren azterketak baliagarriak dira, baina horrek ez du esan nahi munduko ebaluazio-sistema onena denik. Beste lurraldeetan berriz, sistema hori desagertzear dago; azterketek ez dute umea kalifikatzen. Azterketa batek ez du esango umea txarra den ala ez; beste ikasgaietan nabarmendu daitezkelako bere puntu indartsuak.

Lehentasuna ikasleen sozializazioan ala ikasketa akademikoan.


Mundu honetan argi dago helduak egiten garenean lan on bat izan nahi baldin badugu, lehentasuna ikasketa akademikoei eman beharko geniekeela. Baina gerora lan postuan harremanetan jartzerako orduan, ez al da oso garrantzitsua sozializazioa?
Teoria eta praktika guztiz aurkakoak dira, teorian sozializazioa nabarmendu egiten baita, praktikan ez bezala. Benetako bizitzan ikasketa akademikoak soilik kalifikazio bat ematen digu eta hau ez da bizitzan kontuan hartu behar den faktore bakarra. Mundua pertsona zeharo ezberdinez osatua dago, gaitasun ezberdinekin baita ahalmen edo ahulezia ezberdinekin ere eta hauek garatu daitezen eskoletara jotzen dugu. Hauetan, adin berdineko ikaskide askorekin aurkituko gara eta hauekin egunean ordu zehatz batzuk pasatu beharko ditugu baita noizean behin lanen bat edo beste beraiekin egin.
Klasean arreta jartzeak eta etxerako lan guztiak egiteak ez du esan nahi gerora kalifikazio altua izango duenik ikasle horrek . Bestalde, pertsona berriak ezagutzerako orduan irekia bazara, ziurtasun osoz jakingo duzu ez zaizula batere gaizki joango.
Haur bat eskolara doan unetik, badaki ikastera doala. Horrek esan nahi du lagunak ezingo dituela egin? Ikasketa akademikoa oso garrantzitsua da, hainbat gaitasun ikasiko dituztelako,  geroan lana bilatzeko ezinbestekoak. Baina ikasleen sozializazioa ezin dugu alde batera utzi. Ikasleek euren ikaskideekin elkarlanean jokatzen ikasi behar dute, elkarlanean haritu behar dira lanak egiten eta elkar errespetatzen ikasi behar dute. Hori sozializazioaren bidez burutzen da; eskolan ikasitako gaitasunen bidez hain zuzen ere. Unibertsitatera edota lanera joaten garenean ezinbestezkoa baita talde lanak ugariak direlako.
Beraz, gure iritziz, ikasketa akademikoa eta sozializazioa, biak oso garrantzitsuak dira, batak bestea ahalbidetzen baitu. Haurrak txikitatik ez badu ikasten sozializatzen, hazten joango den heinean geroz eta zailagoa egingo zaio gainontzekoekin hitz egitea eta bakardadean murgilduko da.


Umeen heziketaren ardura nagusia estatuarena ala familiarena (Bien papera argitu).


Umeen heziketaren ardura familiaren eta estatuaren esku dago, baina neurri desberdin batean. Alde batetik, familiaren papera ezinbestekoa da. Gurasoek, umea jaiotzen denean, hezi egin behar dute, arauak zein ohiturak erakutsiz. Horrez gain, familia da heziketaren lehen urratsak burutzen dituena. Horregatik, ikastola edo ikastetxera ailegatu baino lehen, umeak gizarteko oinarrizko arauak jakin behar ditu.
Beste alde batetik, estatuaren ardura nagusia, heziketa prozesu egoki bat eskaintzea izango da, batik bat, edukiak transmititzea edo erakustea. Lurraldearen arabera, urtez urte, aldaketa ugari ematen dira hezkuntza arloan. Honek, gaur egun dagoen desegonkortasuna erakusten du. Horien bitartez hobekuntzak lortu arren, zenbait atzerapen edo huts ere lortu dituzte, adibidez, LOMCE-ren legea. Lege honen bitartez ikus dezakegu nola hezkuntzan atzerapen bat egongo den, eskola tradizionalera itzuliz. Aldaketa nabarienak, neskak eta mutilak, zein ikasle onak eta txarrak banatzea da. Gainera, diru laguntzak murriztuko dira. Ondorioz, aberatsak direnek soilik ikasi ahalko dute, ikaskuntza prezioak asko igoko dituzte eta.

ONDORIOAK: ESKOLAK XXI.MENDEAN BETE BEHARKO LITUZKEEN XEDEAK.


Historian zehar hezkuntza-sistemek eta eskolek aldaketa ugari izan dituzte. Gaur egungo (XXI mendea) eskola modernoa, eskola tradizionalarekin alderatuz, aldaketa ugari egon direla esan beharra dago (horrela izan beharko litzateke behintzat). Aldaketa horiek hobeto ulertu daitezen, hainbat kontzeptu edo adibide aztertuko ditugu.
Alde batetik, eskola tradizionalean lan mota batean lan egiteko pertsonak lortu nahi ziren. Hau da, industria eta nekazaritzarako langileak lortu nahi zituzten. Ondorioz, metodo lehiakorra erabiltzen zen, kontzeptuak errepikatzen eta memorizatzen barneratzen ziren, irakaslea zen jarraitu beharreko modeloa, ikasleek ez zuten beraien iritzia emateko aukerarik, gurasoek ez zuten ia umeen ikasketetan esku hartzen, eta abar. Gaur egungo eskoletan ordea, helburua ez da  lan mota baterako pertsonak sortzea. Hori dela medio, askatasuna dute ikasleek beraien iritzia edo beraien ikuspuntua plazaratzeko, irakaslearen funtzioa gidatzea da, ikasketen eta familien arteko harremana handiagoa da, umearen eboluzioan askoz gehiago zentratzen da hezkuntza, metodoa kooperatiboa da eta ondorioz, lehiakortasuna ez da ia bermatzen, eta abar.
Beste aldetik, ikasitako kontzeptu batzuei erreferentzia eginez, educare eta educere hezkuntza-ikuspegiak aurki ditzakegu. Educareri dagokionez, hezitzaileak ikaslea elikatuko du eta beregain du autoritate guztia. Hori da eskola tradizionalean gertatzen zena. Educeren ordea, hezigaiak garatuko du bere ikaskuntza prozesua; gizakiok badauzkagu barne gaitasunak eta horiek hezitzaileak eskeinitako estimuluen bitartez azaleratu behar dira. Azkenengo hezkuntza-ikuspegi hau eskola modernoari dagokio. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago oso zaila dela educeren bakarrik oinarritutako hezkuntza lortzea eta ondorioz, bien arteko nahasketa egiten da gaur egungo hezkuntzan (edo horrela izan beharko litzateke) nahiz eta educere nagusitu. Nahasketa horri “eredu eklektikoa” esaten zaio.
Azkenik, Finlandiako hezkuntza sistema deigarria iruditu egin zaigu eta gure ustez, horrelakoa izan beharko litzateke XXI. mendeko eskola. Herrialde honetan, eskola zazpi urterekin hasi egiten da. Bestalde, 5. mailararte ez dituzte zenbakien bidezko kalifikazioak eta ondorioz, ez dute ikasleen lehiakortasuna sustatzen. Gurasoen kasuan, umeen hezkuntzaz arduratu egiten dira eta lanean lagundu egiten diete beraien guraso papera ondo bete dezaten. Adibidez, erraztasunak jartzen dizkiete umeen irakasle bileretara joateko eta ume bat izanez gero, 3 urte egon daitezke lanera joan gabe eta diru kopuru bera irabazten. Gainera, hemen baino berrehun ordu gutxiago izaten dituzte kurtsoan zehar eta hala eta guztiz ere, emaitzak askoz hobeak dira han. Horrez gain, klaseetan gutxi gorabehera hemezortzi ikasle daude eta gehiago egotekotan edo arazoak dituen ume bat egotekotan, bi irakasle egoten dira. Azkenik, Telebista programak jatorrizko hizkuntzan jartzen dituzte eta irakurtzen ikasi nahi dute umeek telebistako azpi-tituluak ulertu ahal izateko.
Hori guztia kontuan izanda, argi daukagu horrelako hezkuntza-sistema izan beharko zela XXI. mendekoa. Hala ere, jakin badakigu ez dela hain erraza hezkuntza-sistema horrenbestez aldatzea.


BIBLIOGRAFIA


  •  Arrizabalaga, M. (2013-03-25). Asi consigue Finlandia ser el número 1 en Europa. ABC. Honako webgune honetatik berreskuratua: http://www.abc.es/20121008/familia-educacion/abci-consiguefinlandia-numero-educacion-201210011102.html
  • Camino, I. eta Murua, H. (2012) Hezkuntzaren Teoria eta Historia. Madril: Delta.
  • Ibañez, D., Ibañez, C.M., Medina, J.A., Guillamón, F.J. eta Grau, R. (2011). Escuela Tracional vs Escuela Moderna. [youtubeko bideoa]. Espainia. Honako webgune honetatik berreskuratua: https://www.youtube.com/watch?v=LySTKT9rgBY
  • Maddi eta Maier (2010-06-16). Haur Hezkuntzaren hezitzailea ote? [Blogeko mezua]. Honako webgune honetatik berreskuratua: http://hegoakastinduzetamunduazabalduz.blogspot.com.es/2010/06/haur-hezkuntza-hezitzailea-ote.html  
  • Vane Mane (2013-10-13). Nolako xedeak bete behar ditu XXI.mendeko eskolak? [Blogeko mezua]. Honako webgune honetatik berreskuratua: http://irakasfuntzioavanemane.blogspot.com.es/2013/10/nolako-xedeak-bete-behar-ditu-xxi_13.html   

ERANSKINAK

























2 comentarios:

  1. Lana igo duzue; baina, zuen aurkezpena falta da. Ez dakit nortzuk zareten

    ResponderEliminar
  2. Lana ondo dago; baina, aipamenak eta bibligorafia falta dira. Hau da, testuan UNESCOren txostena eta LOGSE aipatzen dituzue; baina, bibliografian ez.

    ResponderEliminar